Uztailaren 29ko Sopelako Udalbatzan, Ezker Abertzaleak aurkezturiko mozioa onartua izan da “Sopela-Herri baten aldiuneak” liburua salmenta librean jartzeko.
Ezker Abertzaleak publikoki salatu zuen 300 argazkiren bidez Sopelako historia biltzen duen liburu hau lortu ahal izateko 21 egunetan Deia egunkaria erosi behar zela.
Hau dela eta, Ezker Abertzaleko zinegotziek mozioa aurkeztu zuten liburuaren garrantzi kulturala, historikoa eta afektiboa azpimarratuz eta berrargitalpena exijituz edozein herritarren esku egon ahal izateko.
Mozioa onartua izan da, eta jadanik Udalak zeuzkan 270 ale salmentan jarri dira Turismo Bulegoan eta Turismo Informazio gunean 15 euroren truke. Are gehiago, konpromisoa hartu da 270 ale horiek agortutakoan argitalpen berria egingo dela.
Ezker Abertzaleak balorazio positiboa helarazi digu mozioa aho batez onartua izan delako eta edozein sopeloztarrek liburua erosteko aukera izango duelako. Poztasun honek, hala ere, ez du ahaztarazi behar PNVren lehen erabakia, alegia, liburua DEIA egunkariaren bidez saltzea, onartezina zela eta agintekeriatzat jo zitekeela PNVk enpresa pribatu bati lehentasuna eman diolako sopeloztar guztion ondare kulturala aprobetxatuz.