mikel

mikel

Bohumil Hrabal idazle txekiarrak umoretsu kontatzen zuen II. Mundu Gerrako azken egunetako gertakizun bat. Alemaniar ehiza-hegazkin bat metrailatua izan zenean  haren hegala solte geratu zen  hiriaren gainetik. Hegala  hiriko plazaren gainean hasi zen jaisten pendulu ikaragarri bat balitz bezala. Hara eta hona, bizilagunak  ihesi  zihoazen hegala haien ustez eroriko ez zen aldera. Azkenean badirudi   hiriko lorategi batean erori zela. Bost minutu geroago hiriko bizilagunak inurriak bezala hasiak ziren hegalaren metalak eta xaflak eramaten.  Biharamunerako  untxi-kaioletako edo oilategietako teilatu gisa agertuko ziren hegalaren piezak.

Brno edo Praga inguruetan gertatu omen zen gertakizuna ez zaigu balio Sopela, Aste on! atalerako.  Beraz goitik beheraino eginez, lurrartuko dugu Sopelako inguruetan.

Entzuna nuen (ikusia ez),  gure etxeko teilatuko itoginak estaltzeko, inoiz hegazkin-hegal zatiren bat erabilia izan zela. Entzuna nuenez (ikusia ez), hegazkin korreo bat Sopelako Zagondo Goiko baserri ondoan jausi zela gerra garaian, eta Bohumil Hrabal idazleak kontatzen duen bezala, imaginatzen ditugu Sopelako bizilagunak birziklapen espontaneoan. Gure etxera hegal zati bat heldu zen.

Hegazkin korreoaren argazkia ikusi  nahi duenak badauka eskegita Sopelako alemaniar tabernan kopia bat bere markoa eta guzti. Bertan Zagondo Goiko (edo Zalduondo) baserri ondoan ageri da Air Pyrinees konpainiako hegazkina.

Egutegiak 1937ko maiatzaren 26. eguna markatzen zuen. Goizeko hamar eta erdiak ziren. Lekeitio pasatu zuen Miarritzetik Bilborako ibilbidea zuen hegazkinak. Orduan zazpi ehiza-hegazkin italiar agertu ziran haren atzetik, lurretik ere bateria bat zebilen tiroka (gogoratu behar da, faxistak 37ko maiatzaren 26an lurretik ere Sopelatik nahiko gertu zirela). Beraz, hegazkina goitik beheraino,  metraila zulo eta guzti, Zagondoko lurretan geratu zen. Leopoldo Galy pilotua miarriztarra zen haren gidaria, arinki zauritua suertatu zen. Arriluzeko ospitalera Antonia Larrañaga izeneko emakume bat ere eraman zuten klabikula  apurtuta.  Kalterik gabe beste hauek  geratu ziran: Jose Luis Viciola, Amador Lopez eta Juan Zarate.

Goitik beheraino zuzen, zuzen- zuzen gainera, Leopoldo Galy pilotuaren kide bat erori zen handik egun gutxitara. Yanguas zuen izena pilotu traidoreak. Frankoren espioiekin ados, Zarautzen jaitsi zuen Air Pyrinees-eko hegazkina eta  bertan zihoan Alfredo Espinosa,  Euskal Gobernuko Osasun Kontseilaria eta Unidad Republicanako fundatzailea, Frankoren eskuetan utzi zuen. Handik egun gutxitara fusilatua izan zen. Aurreko egunean karta bat bidali zion Agirre lehendakariari, hona hemen bere azken gutuna:
http://es.wikisource.org/wiki/Carta_del_Consejero_Alfredo_Espinosa_Oribe_al_Lehendakari_Agirre

Gerra amaitutzat eman zuten, baina Newtonen grabitatearen legea indarrean mantendu zen. Lege honen goitik beherainoko ibilbideari jarraituz, 1965 urtean beste hegazkin bat jausi zen Sopela erdian. Oraingoan baina turismo-hegazkin bat izan zen. Gaur udal igerilekuak kokatzen diren lekutik gertu izan zen istripua.  Ni gazteegia naizenez ez nuen ezer ikusi, entzun bai, Sopelan zaharragoak zaretenoi, entzun, baina ikusi ez. Jose Antonio Lopez zuen izena pilotuak, 26 urte zituen, berarekin José Joaquín Ampuero  zihoan, 19 urteko gaztea.  Korapiloak eta birak egiten zituen airean hegazkinak azkenean kontrola galdu eta goitik beheraino amildu zen arte. Zuzen. 

331 Ikustaldiak
Partekatu: