Uda honetan pil-pilean egon den gai batekin natorkizue, jai eredu, herrikoia, parekide eta parte hartzailearen kontra ematen ari den erasoaz hain zuen ere.

Medioetan agertzen ez dena badirudi ez dela existitzen eta,  hortaz, inork ez du  horretaz berba egiten. Saiatu dira beti gu eta gure mezua desagerrarazten baina hor darraigu, kementsu eta indartsu eta horregatik, oraingoan, kaleetatik bota nahi gaituzte. Baina, honetan ere, lan makala izango dute, lan makala izan duten bezala Iruñeako Peñen mezua entzun ez zezan, imajina ezin zitezkeen trikimailuak erabiliz edo eta Blusen, Piraten, zein Bilboko Konpartsek urteetan erakutsitako lana, elkartasuna eta batasuna apurtzen saiatzen edo eta hainbeste eta hainbeste herriko talde, jai zein txosna batzorde baliogabetzen.

Bada, uler dezaten behingoz, demokraziaren zilegitasuna, suntsitu nahi duten honetan datzala.

Herritik eta herriarentzat antolatzen ditugu jaiak. Jai eredu parte hartzailean sinesten dugulako eta herritarron inplikazioarekin herriko jaiak, denon artean, giro alai eta sortzailean eraiki nahi ditugulako.

Parte hartzen dugun eragileak urtean zehar gure lanak aurrera eramateko bitarteko direlako eta gure lanaren erakusle direlako aspaldi sortu zen txosna gunea Euskal Herriko auzo, herri eta hirietan.
Milaka lagun eta herritar eskertu beharrean gaude, guztiok izan baikara gune honen eta jai eredu honen sortzaile. Eskerrak eman behar dizkiogu egitaraua prestatzeko bileretan parte hartu dutenei, eskerrak hainbeste urteen zehar gunetik igaro diren guztiei, eskerrak turnoak egitera hurbildu diren guztiei, nola ez, antzerkiz, keinuz eta dantzaz jaiak girotu, alaitu eta poza sortu dutenei. Urte guzti hauetan gunera hurbildu eta jaiaren parte izan zareten eta izango zareten guztioi bejondeizuela.

Jaiak herritarren parte hartzetik sortu behar direla ulertzen dugu eta balore eraldatzaileetan oinarrituko diren ekintzak eta egitaraua osatzen saiatzen gara. Jaiak edukiz jantzi nahi ditugu, eskubideen urraketa salatuz eta aldarrikatuz. Jaiak herriko kulturaren parte dira eta herri justu baten bidean jai eraikitzaileen aldeko apustua egiten dugu. Beti asmatu ez arren horretan saiatzen gara.

Herritar askoren borondatearen aurka, herri desberdinetako udalek, urtetik urtera bide honetatik doazen taldeekiko jarrera gogortu, zorroztu eta gaiztotu dute, fidantza izugarri garestiak jarriz, diru laguntzak kentzen, eta azpiegiturak lortzeko zailtasun nabarmenak areagotuz, azken batean edozein aitzaki txiki nahikoa izan da gure arteko harremana txartzeko eta jai ekimenak itotzen ahalegintzeko.

Gure esku dago zelako jaiak nahi ditugun erabakitzea eta hauek martxan jartzea. Lagun handi batek esaten duen moduan, gu “piratak” gara eta arestian idatzitakoaren ildotik, oztopoen gainetik guk uste duguna egingo dugu beti, horretan sinesteak ematen duen determinazio, erantzukizun eta konfiantzarekin.

343 Ikustaldiak
Partekatu: