Euskal Herrian albisteen gurpilak daraman abiadura ikaragarria da: politiko baten adierazpenari, filtrazio bat darraio, honi komunikaturen bat, tartean atxiloketak, ostean ez dakigu noren erantzuna aurrekoari, prentsaurre bat… eta horrela egunero, etengabe.

Gauza batzuk, agian, inportanteak dira; baina gerta daiteke kontenedore baten erreketak orriak eta orriak betetzea, bai egunkarietan, bai interneteko foroetan, handik egun batzuetara letra txikietan agertu arte ez dagoela inolako zantzurik “ezer arrarorik” susmatzeko. Horrela gertatu da gure herrian uda honetan.  Zenbat lerro eta zenbat espazio horri… eta zenbat isiltasuna, eta zenbat hipokresia bi sopeloztarren heriotzaren aurrean.

Bukatzear dugun iraila honetan, 57 urteko J.M.V sopeloztarra hil da bost egun koman egon ondoren. Loiuko Indubilsa enpresan lanean zegoela, 500 kiloko pieza batek jo zuen bete betean. Otsailaren 13an 50 urteko J.R.P zendu zen asfixiatuta, Muskizeko Petronor pean zegoen azpikontrata batean: “Recubrimientos anticorrosivos Mendieta SA” enpresan.

Bi langile hil dira Sopelan, gure herrian, eta ez da ezer gertatu. Inork ez du deitu ez-ohiko udalbatza edo bozeramaileen bilera. Erakundeek ez dute “bilera isila” antolatu. Ez dago lan istripuen aurkako ekinbide instituzionalik beste heriotza kasu batzuetan gertatzen den bezalaxe. Herriko aldizkari ofizialean lerrorik ez…

Sopelan bi langile hil dira lan istripuetan. Datuak beldurgarriak dira: 2007an 125 langile hil ziren Euskal Herrian lan istripuen eraginez; 2008an: 112; 2009an: 85 eta 2010an orain arte 54; horietariko Araban: 11, Bizkaian: 19, Gipuzkoan: 12 Ipar Euskal Herrian: 3 eta Nafarroan: 9

Administrazioak gorrak eta itsuak dira heriotza hauen aurrean.  Administrazioek ez dute urteetan inolako plan zehatzik egin lan baldintzak hobetzeko eta istripuak murrizteko. Administrazioek isilarazten eta desitxuratu nahi dituzte datu hauek “murrizten” ari direla aitzakiapean. Gezurra!!! Azken urteetan murriztu dira istripuak langabezia handitu delako: “langile gutxiago beharrean, istripu eta lan gaixotasun gutxiago” besterik ez. Are gehiago, onartu diren Lan Erreforma guztiek, azkena barne, lan prekarizatua (azpikontratzioa, behin behinekotasuna e.a.) bultzatu dute, eta honek bai duela eragina langileen heriotzetan. Enpresen etekinak langileen biziak baino inportanteagoak dira.

Ezin gara ohitu. Lan istripuak ez dira zerbait normala edo saihestezina. Istripu guztiak ekidin daitezke, nahi izanez gero. Patronalak prekarietaterik gordinenera eta segurtasun faltara kondenatu nahi gaitu. Patronala, eta gormutu jokatzen duten administrazioak dira hemen agertzen diren langile guztien heriotzen arduradunak.

326 Ikustaldiak
Partekatu: