Maiatzaren 4an, ELA, LAB, STEE eta ESK sindikatuek sektore publikoan greba deialdia egin zuten maiatzaren 31rako, eta argudioak argiak ziren: ongizateari egindako errekorteen aurrean protestatzea; herritar guztientzat kalitatezko zerbitzu publikoak aldarrikatzea, eta salatzea Euskadi, Nafarroa eta Madrilgo gobernuak hartzen ari diren neurriak oinarrizko eskubideekin bukatzeko.

12 egun beranduago, maiatzaren 16an, greba deitzaile horietariko bik, ELA eta STEE sindikatuek, greba deskonbokatu dute, erabaki hori hitz ponpoxoen bidez itxuraldatu nahi izan duten arren: “zerbitzu publikoetako greba deialdia birformulatzea erabaki dugu, maiatzaren 31rako borroka eta mobilizazio eguna iragarriz”

Sindikatu bi hauek egin dutena akatsa ikaragarria da. Gizartearen aurrean sinesgarritasuna eduki nahi duen, eta eduki behar duen giza eragile batek, ezin du hain epe laburrean iritziz aldatu inolako aldaketa objetiborik gertatu ez denean. Zertan aldatu da egoera ekonomikoa eta soziala  maiatzaren 4tik maiatzaren 16ra? Sindikatuek sinesgarritasun gutxi zeukaten herritar askoren artean, eta erabaki honek sakontzen du sinesgarritasun ezan.

Sindikatu bi hauen afiliatuek greba ez dela egin behar helarazi badiete haien arduradunei, (girorik ez dagoelako, edo jendea nekatuta dagoelako, edo soldatetan deskontu gehiagorik ez dutelako nahi…) akatsa greba deitzean egin zuten, ezin delako greba bezalako erronka erraldoia plazaratu, oinarriaren benetako jarrera eta nahia ezagutu gabe.

Beste aldetik, erabilitako argudioetariko bat onartezina da nire ustez, “PSEren gobernuak nahaste-borraste sortu nahi izan du langile eta herritarrengan zerbitzu publikoak defendatzen dituenaren itxura eginez”. Azal diezadatela… “itxura egiten badu, eta nahaste borraste sortu nahi badu” zergatik greba bertan behera utzi? Sekulako oparia egin diote sindikatu bi hauek koma egoeran dagoen PSEren Gobernuari, hain zuzen ere, Patxi Lopezek zera esan du: “¡Cómo será el esfuerzo que estamos haciendo que el propio sindicato ELA ha desconvocado la huelga del sector público, porque ha visto que el Gobierno está defendiendo a capa y espada los servicios públicos!”

Suposatzen dut PSE poz-pozik egongo dela. PPrekin zeukan lotura apurtu ondoren, PSEk berreskuratu ahal izan du diskurtsoa soziala, “Raxoiren aurrean ez dela makurtuko eta ez dituela errekorteak ezarriko Autonomi Erkidegoan” dio etengabe, eta egunero prentsaurre batean Isabel Celaa (Hezkuntza arduraduna) edo Rafael Bengoa (Osakidetzarena) ikusten dugu murrizketak ez dituztela egingo esanez. Itxurakeria da aldarte hau, murrizketak aspaldian egin dituztelako, baina oraingo abagunean PPren aurrean diskurtso “aurrerakoia” egiten dute, eta ELAk aukera eman die horretarako greba deskonbokatzean.

Dena dela, atzera edo oraingoari begiratu beharrean etorkizunari begiratzeak arduratzen nau gehiago. ELAk eta STEEk hartutako erabaki honek sekulako aizkorakada izan daiteke langileen aldarrikapenetan. “Gure indarrak ongi neurtu behar ditugu” diote hitzez hitz… horrela bada, zer irudia, zer argazkia helarazi diote aginte ekonomikoari: menpekotasunarena, otzantasunarena, beldurrarena, ezintasunarena…  Mina ematen dit hitz hauek idaztea beti sindikatuon lana eta elkarlana defenditu dudalako, eta Aste On zutabe honetan beste behin argi utzi nuen, baina halakoa da. Zenbait enpresari handik barre algarak botako zituzten deskonbokatoria irakurtzean.

Zer egin dezakete orain LABek eta ESK-k…. askatzeko korapilo zaila! Erabaki bat zein bestea, grebari eutsi edo bertan behera utzi ulertuko dut, baina “batzeak indarra dakar” esaldiari men eginez,  itxarotea hobe dela uste dut, eta tripako min ikaragarriarekin bada ere, saiatu berregiten ELAk eta STEEk apurtu duten sindikatuen arteko elkar lana, elkar lan hori baita modu bakarra erasoari aurre egiteko.

334 Ikustaldiak
Partekatu: