Lizar Begoña: “Ni ere harritzen nau idazten dudanak. Ez testua ona delako, espero izaten ez dudan zerbait jaiotzen delako baizik”

Lizar Begoña Madariaga gazte sopeloztarrak sona handiko Donostia Kultura Poesia lehiaketa  irabazi du aurten eta bere lan saritua “Aro beilegia” argitaratu du. Lizar gaztea da, idazlea,  Arte Ederretan lizentziatua, eta solasaldi atsegina izan du sopela.net-ekin. Batez ere  literaturaz eta bere lanaz aritu gara, baina Sopelako kultur biziaz zertzelada batzuk ere eman  dizkigu. Eskerrik asko Lizar eta bene-benetan zorionak!!!

Sopela.net: Aro beilegia “ezagun” bihurtu zaitu, lan saritua izan da, eta hasierako poeman zera diozu:

 Letra hauek besteen artean hartzen duten izaera,  
Letra hauek eta sukaldetik komunerako airea, 
Letra hauek idazteko faktoreak, 
Letra hauek eta, zergatik ez sexuak, 
Letra hauek autobidetik, jubilatuen autobus batean, 
Letra hauek okupa (ezin) dezaketena 
Letra hauek datu basean, 
Letra hauek batzean; semper fidelis, 
Letra hauek eta ni. 

“letra hauek” sortzen dira edo sortzen dituzu? Alegia berez, erraz, irteten zaizkizu, bat-batekoak dira zure  poemak, edo lantzen dituzu, behin eta berriro berridazten eta txukuntzen dituzu olerkiak?

Lizar: Normalean inpultso bat izaten dut; atera nahi dudan zer edo zer, formarik gabeko  laino baten antzekoa (hitz segida bat, hitz bakarra, pelikula edo abesti batek utzi didan  arrastoa…) Idazten dut lehenengo hitza, eta gero jarraian hasten naiz… hitz batek beste  batera narama, eta forma osatzen doa. Normalean hori izaten da prozesua, ez dut izaten  plasmatu nahi dudan irudi zehatzik… Gehienetan, osatzen doan heinean, ni ere harritzen naiz hartzen duten formekin, zirrara horrek gidatzen nau. Azkenean, ni ere harritzen nau  idaztera heldu naitekeenak, ez testua ona delako, ez dut zentzu horretan esaten, espero  izaten ez dudan zerbait jaiotzen delako baizik. Hori da sortzeak daukana.

Sopela-net: Beste poema batean zera irakur daiteke…

  Zertaz,  
Norentzat
Eta zergatik nahi duzu idaztea?
Badakit
Ez dela mundu mailako problema bat
Irakurle bakar izatea
Erdia, laurdena edo 
0,3 irakurlea

poemak sortzean, baduzu buruan “nori” bat… nori idazten diozun, irakurle mota? Edo zure ideiak  adierazi nahi dituzu eta irakurleak “aurkituko” zaitu? 

Lizar: Ez daukat pertsona zehatzik, edo “musa”rik… Ez dut inorengan pentsatzen (eta  egiten badut zeharka izaten da) baina bai komunikazio xede batekin, beti dut hori  presente, eta horrek ere bultzatzen nau idaztera. Motibazioa da, nik uste, gero norbaitek  irakurriko duela jakitea… ez baita berdina idaztea nire koaderno batean, itxi eta gorde…  edo idaztea, orraztu, ondo prestatu, eta elementu moduan uztea jendartean norbaitek  irakurriko duelakoan, nahiz eta ez jakin zer gertatzen den irakurlearengana heltzen  denean.

Sopela-net: Dena sailkatu behar dugu, olerkiak ere.. zuk zera esaten duzu

    “Maiteduenezduenmaitemaiteduen” jakiteak 
Erantzunik izango balu bezala.
Ez dira garai horiek,
Neopostmodernagoak gara

Dena sailkatu behar dugu, olerkiak ere… erromantizismoa?, neopostmodernoak? poesia soziala… non  kokatuko zenuke zure olerkigintza? 

Lizar: Ez dakit… Egin dizkidaten kritika askotan eta egunkariren batean oso argi etiketatu dute lana “poesia sozial” moduan. Nik idazterakoan ez dut pentsatzen: “jo kritika soziala  egingo dut” baina bai… badakit badagoela, paraleloan bada ere. Irakurri duzun zita hau,  adibidez, gure belaunaldikoon maitasunaren inpresio poetikoa dela esango nuke… garai  berriagoak dira: maitasuna ez da lehen bezalakoa, edo ez dugu berdin ulertzen.

Sopela-net: Eta zure lan hauek sortzeko, zer nahiago duzu… papera eta boligrafoa edo ordenagailua eta  teklatua?

Lizar: Garai batean koadernoa beti, argi… baina orain daukat blogaren atzeko aldea daukat, eta hor gordetzen ditut borradore asko… orain ordenagailua gehien bat.

Sopela.net: Lana argitaratu duzu, lan handia dago horrelako lan baten atzetik: urte askoko poemak bildu  dituzu “Aro beilegian”, edo garai hauetan sortutakoak dira?

Lizar: Izan dira bost urte, ia idazten hasi nintzenetik… Badago poemaren bat liburuan  orain dela bost urte idatzi nuena… Eta lan handia? Egia da poemak konpromisoz hartzen  ditudala, eta behar duten denbora eskaintzen diet. Batzuek lana ematen didate eta buelta asko ematen dizkiet, beste batzuk erraz osatzen ditut.. Bestalde, gaiari  dagokionez, gai nagusi baten inguruan nabil bueltaka: teknologia eta gure gaur egungo  garaiaren begirada. Horren inguruan bildu nituen poema horiek guztiak eta hau izan da  emaitza.

Sopela.net: aurrera begira, baduzu esku artean, paperean edo ordenagailuan, beste proiekturen bat?

Lizar: Liburua argitaratu zenetik orain arte nahiko geldi egon naiz, nola jarraitu nahi dudan  pentsatzen, autokritika egiten, idatzi beharrean irakurtzen… Baina, orain berriro hasi naiz  poemak idazten, ia inolako plangintzarik gabe. Horrela irteten zait, eta momentuz, horrela jarraituko dut, behartu gabe. Baina beti proiektu berri baten “eltxoarekin”.

Sopela.net: sopeloztarra zara, gaztea, idazlea, arte ederretan lizentziatua…

  Kultura ere antsietatez konsumitzen dut,
Jakin nahi nukeen guztiaren saiakera
Nobatoen sinbolo gisa
.

Sopelako bizi kulturala nola ikusten duzu…  zerbait esan nahi duzu? 

Lizar: Egia da ez dagoela mugimendu handirik gure artean, ez daude sortzaileak. Edo  hobe esanda, sortzaileak badaude Sopelan, baina nik uste dut ez gaudela saretuta, ez  dagoela sortzaileentzako sare bat. Eskaintza aldetik, Kurtziok badauzka bere gauzak, eta  oso interesgarriak, baina gugandik (gazteongandik) ez da gauza handirik sortzen, guk  sortutako eskaintza kulturalik ez dago. Plaza Beltza Kulturgunea ere badago,  alternatiboa, eta gure eskura. Plaza Beltza oso puntu interesgarria da Sopelako  sortzaileontzat. Tresna modura ikusi beharko genuke. 

Sopela.net: gustatuko litzaizuke zure herrian, Sopelan irakurketaldia publiko bat izatea, areto batean  hainbat entzulerekin?

Lizar: Ba bai… oso interesgarria, antolatu beharko da! Publiko aldetik ez dakit… poesia  ez dago oso modan, garai hauetan gainera publikoa biltzea… zaila…

Sopela.net… berriro ere eskerrik asko, eta zorionak…

739 Ikustaldiak
Partekatu: