Sopela: Bidebieta kaleko txandakako aparkalekua

Bidebieta kalea “txandakako aparkalekua” izatea onartu zuen Sopelako Udalak azaroaren 26ko osoko bilkuran. (Bidebieta kalea argazkian)

Txandakako aparkalekua: ezaugarriak

Doan aparkatu ahal izango da 90 m gehienez,  dagokion makinan tiketa atera ondoren. Tarte hau amaitutakoan, ezin izango da berriro aparkatu eremu honetan bi ordu igaro arte. Ordutegia 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara izango da, eta udaltzainak arduratuko dira aparkalekua kontrolatzeaz. Erabakia, azaroaren 26an hartu zen; orain Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta 30 eguneko epea irekiko da erreklamazioak edo alegazioak aurkezteko. Epea bukatutakoan, behin betiko onarpena egingo da eta txandakako aparkalekua indarrean jarriko da.

Gobernu-taldeak proposatutako neurria.

EAJk proposatu eta defendatu zuen neurria, “merkatariek egindako eskaera zuzena” zelakoan eta “DB-TUrekin sinatutako inbestidura akordioan” jasota zegoelako. EAJk esan zuen neurri honek ez duela dirua biltzeko asmorik, eta erraztuko duela Sopelako erdigunean bizi ez diren sopeloztarrek autoa hartu, aparkatu eta herrian erostea.

Zergatik Bidebieta?. Argudio gutxiko erantzuna

EHBilduk galdetu zuen zergatik Bidebieta kalea? Zein ikerketan oinarritzen zen kale horren aukeraketa txandakako aparkalekua ezartzeko herriko kale komertzialetariko bat ez denean. Josu Landaluzeren erantzuna bitxia izan zen oso: “Oinezkoentzako guneak atzeratzen ari dira eta obra hau erraza zen, merkea, eta txandakako aparkalekuetarako 30 plaza lortzen ziren” .

Oinezkoen guneak

Erantzun horren aurrean, koalizio abertzaleko bozeramaileak adierazi zuen horrelako aparkaleku batek trafiko-fluxua handitzeko baino ez duela balio, berez handia dena. Gogoan har dezagun Sopelako herri gunetik bi errepide foralak pasatzen direla; ez dagoela saihesbiderik Urdulizeko Ospitalera edo Berangoko merkatal gunera joateko eta 2015ean EAJk bertan behera utzi zuela Saioa Villanuevak, EHBilduko alkateak, esleitutako egitasmoa erdigunea oinezkoentzat bihurtzeko.

EHBILDUren iritziz, udalerri askotan frogatu da oinezkoen-guneak sortzeak salmenten, bezeroen bolumenaren, merkataritza-lurzoruaren balio-handitzea eta abarren gorakada ekarri duela, herritarron bizi-kalitateaz gain; eta Sopelako saltokien arazoa ez dela aparkatzea, inguruko merkataritza-gune handiak baizik.

Herritarren partaidetzarako paripea: SEI erantzun

Eztabaida saioan DB-TUko bozeramaileak gogorarazi zuen abuztuan parte-hartze prozesu bat eman “omen” zela Sopelan aparkaleku honi buruz. “Omen” prozesua abuztuan izan zelako, herritar askoren oporretan, aldez aurreko jakinarazpenik egin gabe eta bezperan  soilik, egin zen publikoa. Ondorioa, Udaleko idazkariak ziurtatua: sei lagunek baino ez zuten parte hartu!!!

EAJ, PSE, Podemos eta DB-TU abstenitu egin ziren eta EHBilduk kontra bozkatu zuen. (W.) Eztabaida udal osoko bilkuraren bideoan ikusi. Gai hau 3. eta 20. minutuen artean eztabaidatzen da

690 Ikustaldiak
Partekatu: