Martxan da ZAPUsTU plataforma, Sopelan apuStu-etxeen arazoa sozializatzeko ekimena.

Sortu berri da Zapustu 

“Ez dezatela zurekin jolastu” lelopean, irailaren 13an sare sozialen bitartez jakinarazi zutenez, Sopelan apustu-etxeen arazoa sozializatzeko plataforma autonomo eta lokal berria da Zapustu. Datozen hilabeteetan, hainbat jarduera egingo dituzte arazo sozial horren gaineko kezka zabaltzeko herritarron artean. Horrez gain, poliziaren errepresioari aurre egiteko ekimenak ere egingo dituztela azpimarratu dute.  

Arrigorri joko-aretoaren handitzea 

Gogora dezagun 2020ko urtarrilean, Sopelako “Arrigorri” joko-aretoak bere lokala handitzeko eskaria egin ziela Eusko Jaurlaritzari eta Sopelako Udalari. Azken honek baimena eman zion 2020ko ekainean, baina uztaileko osoko bilkuran EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen, proiektua etetea lortuz. Edonola ere, proiektuak aurrera egin zuen azaroan, behin Jaurlaritzaren baimen guztiak lortuta. Ludopatiaren gaitz soziala bultzatzen duen negozio pribatu honek hautsak harrotu ditu Sopelan eta hemen kokatzen da, batez ere, Zapustu plataformaren ekimena. 

Poliziaren errepresioa 

Uztailaren 22an, Espainiako Polizia Nazionalak Sopelako lau herritarren etxeak miatu eta horietako hiru atxilotuta eraman zituen Indautxuko komisaldegira: joko-aretoen kontrako protesta ekimenak egiteagatik salatu zituzten.  

Uztailaren 29an egindako prentsaurrekoan “joko-aretoen boterea erakusteaz gainera”, herri mugimenduaren kontrako estrategia baten barruan kokatzen direla salatu zuten herritarrek: “Herriak du dena aldatzeko ahalmena, eta ez dago herri antolatu bat gelditu dezakeenik. Eurek ondo dakite”. Beraz, “antolatzen, saretzen, konspiratzen eta lortu nahi dugun guztiaren alde borrokatzen” jarraituko dutela jakinarazi zuten. “Hau hasi besterik ez da egin”

Zapusturen lana Twitter, Instagram eta Facebook sareen bitartez jarrai daiteke  

410 Ikustaldiak
Partekatu: