Bagoaz eztabaida, sakonketa, sintesia, idazketa eta jendarteratze egitasmoa da, auzolanean independentziaren aldeko ideien lehian eraginkorki eusteko asmoa duena.
Bagoaz ez da hasiera eta bukaera itxirik dituen egitasmoa, luze aritzeko gonbita baizik, era berriak bilatu eta garatuko dituen lan jarduera baita.
Bagoaz jarduera erronketan zehaztuko da. Lehena sinple bezain erraldoia da: independentziaren arrazoi nagusiak bilduko dituen liburuxka labur, argi eta baliogarria argitaratzea 2012ko Durangoko Azokarako.
Egunoroko ideien lehia eraginkorra izanen den tresna ekoiztu nahi dugu, parte hartu nahi dugun guztion ekarpenak bilduz eta sintesiarik onena idatziz. Hiru hizkuntzetan argitaratuko dugu liburuxka, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, baina irekita gaude beste batzuetan ere zabaltzeko, bertsio horiek apaintzeko bolondresak bilduz gero.
Jarduera orain abiatzen dugu, urriaren hasieran idazkia prest izateko. Ekarpenak pertsonalak nahiz talde mailakoak izan daitezke, interneten bidez nahiz esparru fisikoen bidez.
Jarduerak bere webgunea izango du: www.bagoaz.net, baita bete hitz-gakoa ere: #bagoaz. Email berezia ere ireki dugu: bagoaz@independentistak.net. Halaber, eztabaida esparru bat irekiko dugu facebooken.
Eztabaida-talde fisikoak ere antolatu nahi ditugu prest dagoen jendearekin. Printzipioz, Iruñean, Baionan, Gasteizen, Bilbon eta Donostian eginen ditugu lan bilkura irekiak, baina beste hainbat lekutan egin daitezke, jakina, antolatzeko asmoarik agertuz gero.
Halaber, euskal jendarteko ehundaka lagun erreferentzialeekin jartzen ari gara harremanetan ekarpena egin dezaten, jada erantzun batzuk jaso ditugularik. Ekarpenak, jakina, jendeaurrean agertzeko edo era pribatuan ekoizteko egin daitezke.
Deia egin nahi dizuegu, beraz, saio honetan parte hartzeko
355 Ikustaldiak