“Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku” lelopean, Alternatiba, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzaleak, eraldaketa sozialaren aldeko manifestazioa burutuko dute Otsailaren 11an Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako hiriburuetan.
“Mundu mailako krisi sistemiko baten aurrean gaude. Ongizate sistema, elikadura, ingurumena, bizitza baldintzak eta giza eskubideen urraketa eta xahutzea herrialde desberdinetan etengabe ematen ari da. Europan eta Euskal Herrian eraikuntza eta ekonomia espekulatiboaren inguruan sortutako burbuilak eztanda egin du eta jada hiru urte luze pasatu dira egoera berriari buelta eman ezinik. Eta nola ez, guzti hau, naturaren errekurtso mugak kontutan izan gabe garatu da.
Errealitate gordin honek alternatiba berri baten eskaintza ere eskatzen du. Burujabetza politikoa eta ekonomikoa oinarri izango duena, eta eredu berri baterantz bidea markatuko duena. Eta burujabetza ekonomikoa nahi eta behar dugu eredu sozial eta alternatibo bat eraikitzeko:
– Herri bezala dugun eskubidea eta ardura delako, eta elkartasuna bermatzeko, ekimen ekonomikoa ere eskuratu behar delako.
– Benetako demokrazian oinarritutako bestelako eredua sortzen hasteko.
– Urteetako lan eta borrokaren ondorioz eskuratutako eskubide eta zerbitzu sozialak bermatzeko eta areagotzeko. Hezkuntza, osasungintza eta etxebizitza eskubideak bermatzeko
– Garapen ekonomiko soila baino, garapen soziala egi bihurtzeko eta naturarekiko errespetuan oinarrituko den ekonomia bultzatzeko.
– Langileen eskubideak bermatzeko eta ondasun eta lanaren banaketa eragingo duten politika fiskal, laboral eta publikoak bermatzeko.
– Emakumeen eskubideen errespetua.
– Funtsean, ezkerretik eraikitako Euskal Herria sortzeko, pertsona guztien eskubide eta aukera berdintasunean.
Norabide orokor horren baitan eta helburu horiei begira deialdia luzatu nahi diegu herritarrei eta eragileei kalera ateratzeko. Hartzen ari diren neurri guztiei aski da esateko eta burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarritutako bestelako eredu sozial eta ekonomiko bat aldarrikatzeko. Eredu sozioekonomiko alternatiboaren beharra Euskal Herrian eta nazioartean, premiazkoa da, eta bide horri helduko diogu tinko, berau gauzatzeko, errealitate bilakatzeko.“
{youtube}K6gOFyc5c9o{/youtube}