Euskaraz hitz egiten badakizu? Euskaraz hitz egiteko gaitasunik eduki ez arren, zerbait uler dezakezu? Konturatu al zara, orduan, elkarrekin euskaraz egin dezakegula? 11 egun euskaraz, egingo al dugu proba?
Euskaraldia abiatzeko saioak apirilaren 11n eta 25ean izango dira, Kurtzio Kultur Etxean 19:00etan. Bilera hauetan, eta prozesu parte-hartzaile baten bidez, ekarpenak jasoko dira Euskaraldia Sopelan era egokian antolatzeko. Baina….
Zer da Euskaraldia? Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.
Nola egingo dugu? Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez: Ahobizi: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet. Eta Belarriprest: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Zer lortu nahi dugu? Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea. Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna baino gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea. Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea. Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.
Nork bultzatzen du Euskaraldia? Euskaraldia babesten eta bultzatzen duten elkartearen eta eragileen zerrenda ia ia bukaezina da: Euskaltzaleen topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroko Gobernua, Kontseilua, Euskaltzaindia, Eudel, AEK, Ikastolen Elkartea, UPV…