Asteburu honetan, hilak 8 eta 9, Euskal Jaia izango da Sopelan. Udalaren web orriaren arabera, jai honek bere jatorria 1924. urtean du turisten egonaldia luzatzeko asmoz eta horregatik iraileko bigarren asteburuan ospatzen da.
Euskal Jaian gastronomia, musika, dantzak, euskal kirola… elkartuko dira eta herriko hainbat eragilek, ohikoa den moduan, hartuko dute parte: Barinatxe txistu taldea, Sopela Kantari eta Sopelako pandero-joleak, Eguzkilore eta Meñakoz dantza taldeak… (Argazkian Eguzkilore dantza taldeko umetxuak Sopelako jaietan)
Egitaraua.
Larunbatean, hilak 8, udaletxeko plazan 10:00etatik aurrera Nekazal azoka izango da eta goizean zehar Sopelako Barinatxe txistu taldeak eta Sopela Kantarik herriko kaleak alaituko dituzte. 11:30ean Pala Txapelketako Finalak izango dira pilotalekuan (sarrera: doan) eta 13:30 gazta, barazki, lora eta fruta txapelketen sari banaketa.
Arratsaldean, 20:00etan, antzerkia, musika eta dantza biltzen dituen “Sagartu” ikuskizuna plazaratuko da Udaletxeko berdegunean HIKA konpainiaren eskutik. (euria izatekotan Zipiriñen)
Igandean, hilak 9, udaletxeko plazan 10:00etatik aurrera Sukalki Txapelka, sariak eguerdian emango direlarik. 11:30ean Herri kirolak: Bizkaiko Aizkolari Txapelketa Bikoteka Udaletxeko berdegunean. Goizean zehar Sopelako Pandero-joleek kalez kale ibiliko dira eta 12:30ean Euskal dantzen emanaldia ikusteko aukera egongo da Eguzkilore eta Meñakoz dantza taldeekin.
Arratsaldez, 18:00 Umeentzako Disko festa Udaletxeko plazan (euria izatekotan Zipiriñen)
522 Ikustaldiak