Tranku gazte erakundeak 4.bideoa hedatu dau sare sozialen bidez,oraingo honetan feminismoan oinarritutakoa.
Mundua matxista da: ingurura begiratzea besterik ez dago konturatzeko emakumeok gizonen menpe bizi garela, eta heterosexualitatea dela, oraindik ere, diskriminaziorik jasotzen ez duen sexu-joera bakarra.
Iragarkietan sexu-objektu, historian ikusezin, emakume sentitzeko amatasuna ezinbesteko baldintza dela pentsatzen dugu. Erailtzen gaituzte. Emakume jaiotzea zama da. Nekatuta gaude! Ez al da nahikoa arrazoi borrokatzeko eta errotutako sistema horretaz askatzeko?
Egoera iraultzeko, kontzientziazioa eta formakuntza behar-beharrezkoak zaizkigu. Begiak zabaltzeko modurik onena oharkabean gertatzen diren horiek aurrez aurre topatzea delako.
Heteropatriarkatuaren atzean zer (eta nor) dagoen jakitea eta jakinaraztea ezinbestekoa delako. Azken asteotan, Sopela hautsak harrotuta agertu da: dela protesta-moldeen egokitasuna, zeri eta nola erantzuten zaion, errespetua… Etsaia etxean ere badugula ohartu gara, baina argi dago herria bizirik dagoela eta matxismoa erabat kezkagarria dela.
Noiz arte menpeko? Seinala ditzagun praktika matxistak, borrokatu gaitezen heteropatriarkatua eredu bihurtzen duen egitura ororen kontra!
Mundu matxistaren aurrean, irmo agertzen gara: GORA BORROKA FEMINISTA!