Datorren ostiralean, maiatzak 20, Oskar Matute, EHBilduko kidea, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean izango da 19:00etan.
Hiru sopeloztarrek elkarrizketatuko dute Oskar eta aukera izango da gaurkotasun handiko gaiez hitz egiteko.
374 Ikustaldiak
Datorren ostiralean, maiatzak 20, Oskar Matute, EHBilduko kidea, Sopelako Kurtzio Kultur Etxean izango da 19:00etan.
Hiru sopeloztarrek elkarrizketatuko dute Oskar eta aukera izango da gaurkotasun handiko gaiez hitz egiteko.
Argazkian irakurtzea zaila bada ere, saia zaitezte: hitzak soberan daude… euskara lotsagarria, euskaldunekiko errespetu eza onartezina. Testu hau Sopelako Udalak argitaratu du, sinesgaitza bada ere…
SAREk antolatutako “Trena hartu” dinamikaren bitartez euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde ahalik eta sektore eta pertsona gehien mobilizatzea lortu nahi da. SAREk berak dioen bezala “Giza eskubideen tren hau martxan dago, ez du etenik, baina bagoi berriak behar ditu”.
Trena, bihar, maiatzak 14, Uribe Kostara helduko da eta Sopeloztarrok 12,45ko metroa hartuko dugu, Plentziatik honantz etortzen den kotxe karabanarekin batera eta “trenbidea” egingo dugu Algorta ondorengo geltokietan:
1. GELTOKIA -txiki otaegi- Sakabanaketa – Dispertsioa
2. GELTOKIA -tellagorri- Preso gaixoak
3. GELTOKIA -Satistegi- salbuespeneko legedia.
Eta berriro Telletxera ekitaldi labur bat egiteko.
Sopelako jai batzordeak hiletako “negoziaketak” bukatu ondoren, Udala gogor kritikatu egin du burujabetasuna galdu daualako eta kritikotasunez jotzen du EAJren jarrera partidista. “ezin gara instituzioen menpe egon, gure erabakiak, alderdi politikoen eta instituzioen interesen menpeetara egokituz”
Sopelako jai batzordeak hedatutako mezua:
Azken urteetan Sopelako eta Larrabasterrako Jai Batzordea lanean aritu da jai euskaldun, parekide, parte-hartzaile eta herrikoi batzuen alde. Herriko hainbat eragileek hartu dute parte proiektu honetan. Bultzatu dugun jai ereduak herriari eman diona izugarria izan da: koadrilen jaitsiera eta jokoak; Sopelako Ametsen Gunea, umeen eta familien gunean abian jarritako txoko parte-hartzaile koloretsua, eta Larrabasterran Akanpada Familiarra; auzokideek antolatutako herri-bazkari jendetsuak, kirol txapelketa herritarrak; jaietako ekintza guztietan balio zehatzak berma daitezen ahalbideratu dugu (euskararen erabilera, parekidetasuna eta aniztasuna); jaietako guneen arteko integrazioa bermatu dugu, guneen kokalekuekin jokatuz, jai integral batzuk lortuz: Sopelan Udaletxeko Plazatik Zipiriñeraino eta Larrabasterran txosnak Urkotik auzora hurbilduz.
Hain zuzen ere, aurten guneen kokalekuen inguruan izan dugu arazoa. Egungo Udal Gobernuak hasieratik argi izan du Txosna Gunea ez zuela azken urteetako kokalekuan mantenduko: elizaldean. Bi izan dira arrazoi nagusiak: alde batetik, Jauregizar Plazaren inguruan aurreikusi dituzten obrak; bestetik, auzokideen kexak.
Zergatik aldatu txosna gunea? Zergatik beste guneak ez dira kokalekuz aldatzen? Non gelditzen da Jai Batzordearen erabakitzeko ahalmena?. Aurtengo jaien prestaketan Udalaren jarrera oso negatibotzat jotzen dugu, jaientzat guztiz kaltegarria. Jai Batzordearen askatasuna murriztu dute, guretzat oinarrizkoa den gune bat kaltetuz.
Jai Batzordearentzat elizaldearen kokalekua oso egokitzat jo da azken urteetan: txosnak herriko erdigunean egon behar dutela argi ikusi dugu hasieratik. Gogora dezagun Txosna Gunea Loroñon kokatzen zirela, gure Jai Batzordea sortu aurretik. Txosna gunea baztertzea eta isolatzea besterik ez zuen lortzen kokaleku horrek. Egungo Udal Gobernuarentzat, txosnen kokalekurik egokiena Loroño zen. Hau ikusita, Jai batzordeak udalarekin kontaktuan jarri zen eta txosnen kokalekuarekin zuten arazoa zela eta negoziaketa batean murgiltzea erabaki genuen.
EAJ-ak gidatutako Udal Gobernuak berehala ulertu zuen Loroño kokalekutzat hartzea gure jai eredu integralaren kontra zihoala eta Jai Batzordearekin batera bestelako kokaleku batzuen bila aritu izan da. EAJ-ren planteamendua, Txosna Gunea urterik urtera errotatzea izan da, hau da, urtero txosnen kokalekua aldatzea, beti ere erdigunean, gure aldarrikapenei men eginez. Hainbat aukera aztertu ditugu: Artaza parkearen ingurunea, Gernika Plaza… Elizaldea ordezkatzeko alternatibetako bat, Zipiri kalea izan da (elizaldeko errotondatik Landa Doktorea kaleraino). Aukera hori ere egokitzat jo genuen une baten, baina kokalekua ondo eta sakon aztertu ondoren, alternatiba hori baztertzea erabaki genuen. Txosnak “periferikoak” bihurtzen dira, tokiak berak ez du txosnen guneak izan beharko lukeen giroa bermatzen. Azkenik, trafikoan ere eragiten zuen Zipiri kaleko alternatibak, kotxeak herriko erdigunetik bidaliz.
Jai Batzordearen baitan eztabaida asko izan ditugu gai honen inguruan eta gure taldean gai hau abordatzeko iritzi eta jarrera desberdinak koordinatzea ez da erraza izan. Jai Batzordearentzat herriko jaiekin aurrera jarraitzea izan da helburua. Horregatik, negoziazioetan sartu ginen udal gobernuarekin, jakinda negoziazio horiek gure erabaki ahalmena murrizten zutela, noski. Baina jaiak salbatu behar genituela uste genuen.
Alternatiba hori albo batera utziz, bazirudien bestelako aukerarik ez zegoela. Orduan, Jai Batzordeak proposatutako aukera bat posiblea dela ulertu du udalak, Elizaldearen azken alternatiba gisa: Akilino Arriola kaletik abiatuta, Loroño kalean bertan, udaletxearen ondoan. Sopelako erdigunean.
Sopelako Udal Euskaltegiko langile bati
Aurreko legealdian, 2014ko urtarrilean, Sopelako Udalak espedientea ireki zion euskaltegiko udal langile bati ustez Sopelako alkatearen sinadura faltsutzeagatik hainbat dokumentu ofizialetan. Garai hartan Sopelako alkatetzan Saioa Villanueva zegoen, Bilduko kidea.
Une hartan, Sopelako Udalak gertaera hau ordezkaritza sindikalari jakinarazi zion, udal langilea langileriaren ordezkaria baitzen eta gertaera hauek Fiskaltzari jakinarazi zizkion delitua izan zitekeelakoan, eta kasu horretan zegokion prozedura hasi zezan.
Gaur epaiketa
2 urte luze pasa ondoren gaur, maiatzak 9, Bizkaiko Audientzia Probintzialean epaiketa izango da.
argazkia: aurreko legealdiko udal osoko bilkura
AldHarrikatuz erakusketa 9tik 19ra
Zigor Merodio euskal presoaren AldHarrikatuz izeneko erakusketa ikusgai izango da Sopelako Kurtzio Kultur Etxean maiatzaren 9tik 19ra arte. Zigor Merodioren eskulturez gain, beste bi euskal presoen testuek osatzen dute erakusketa (Alaitz Areitio eta Jon Troitiñoren testuak)
PNVk ezetza eman zion erakusketari
Sopelako udal arduradunek (PNVk) bertan behera utzi zuten erakusketa hau iazko azaroan “gaia sensiblea eta une egokia ez dela” sasi argudioa erabiliz. EHBilduk erabaki honen kontra proposizio bat aurkeztu zuen azaroko plenoan (24an) argudio horiek errefusatuz eta erakusketa lehenbailehen gauza zedin eskatuz.
Udal osoko bilkura gatazkatsua
PNV-k erabakia bozeramaileen batzordean eta ez plenoan hartzea eskatu zuen, “kultur teknikariei enkargatu zaien informea aintzat hartuz”. EHBilduk PNVri aurpegiratu zion erakusketa ez gauzatzeko erabakia hartu zen unean ez zela inolako informe teknikorik “eskatu” eta informe hau enkargatu egin zela bakar-bakarrik salaketa publikoa egin ondoren.
PSEk proposizioa gai ordenatik ateratzea eskatu zuen “erakusketan dauden beste preso biren testuen itzulpenak ez zituelako”. EHBilduk ez zituen argudio hauek onartu eta proposizioa gai-ordenean mantendu zuen.
Bozketa orduan, PNV-k eta PSEk, aitzakietatik ezetzera jo zuten argi eta EZ esan zioten proposizioari. Dena dela, EHBildu, Orain Sopela eta DBTU taldeen BAIetzek bideratu zuten proposizioa aurrera ateratzea eta horren ondorioz 9tik aurrera erakusketa Sopelan izango da, “nahiz eta udalak oso gutxi lagundu digun hau guztia bideratzeko, gu ibili behar izan gara haien atzetik plenoan onartutakoa gogoratuz” erakusketaren arduradunaren ustez
Dinamo San Juan 0-3 Ugeraga
Hiru urte pasa behar izan dira Ugeraga berriro Ohorezko mailako taldea izateko. Sopelako taldeak denboraldi bikaina egin du hasieratik amaierara arte, merezitako igoera lortuz. Lehenengo xedea lortuta, igoera alegia, hurrengo asteburuetan Ugeragak liga irabaztea eukiko du helburu. Zapatu honetan ikusitako partidua erabat baldintzatuta egon da zelaiaren tamainaregatik, zelaia oso txikia baita.
Lehenengo zatia intentsitate handikoa izan zen bi taldeen partetik. Ugeraga oso ondo kokatuta urten zen zelaira eta honen ondorioz, hamargarren minutuan, Sopelako taldeak 0- 1koa markagailuan ezarri zuen penalti baten ostean. Hamabost minutu geroxeago, hogeita bosgarren minutuan, epaileak berriro be penaltia adierazi zuen eta Ugeragak 0-2koa lortu zuen. Honela ba partidua atsedenaldira iritsi zen.
Gazte Asanblada Sopeloztarrak otsailean hausnarketa egin ondoren Sekeko Gaztetxearen ateak ixteko erabakia hartu zuen eta datorren larunbatean, maiatzak 7, gaztetxearen “hileta ospatuko” da.
Maiatzak 7, hileta ospakizuna
Maiatzaren 7an hainbat ekitaldi antolatu dira…
12:00etatik aurrera hainbat tailer: grafitti tailerra, xuxurlatzaileak eta ipuin kontaketa, umeentzako tailerra Kalabazan Elkartearen eskutik.
15:00ean Herri bazkaria agroekologikoa. Tiketak Laiak tabernan edo Ugari dendan eskura daitezke 8 eurotan (txikientzat 6)
16:30ean bingo musikatua
18:30ean poteoa olgetan
20:30 Kontzertuak: Akerjembe Sound Sistema, Mis Ovarios 33, Sembrando Kaos
Sekeko gaztetxearen historia aberatsa
Sekeko gaztetxeak 2010ean ireki zituen ateak, gazteek Sekeko errotaren jabeekin akordio lortu ondoren. Hasiera-hasieratik gogor ekin zioten lanari, eta auzolanean, egoera txarrean zegoen eraikina guztiz berritu eta egokitu zuten. Sei urte hauetan, ekin eta ekin, hainbat jarduera burutu dute: mota askotako tailerrak, jardunaldiak, kontzertuak, hitzaldiak, domeka beroak, proiekzioak, antzerkiak, mendi irteerak, txapelketak… herrian izandako ekintzetan lagundu eta lan egin dute: inauteriak, jai batzordea, Libre dinamika eta honez gain, entsegu lokala egokitu dute Sekekon musika taldeen esku uzteko. Sekulako lana autogestioa eredutzat hartuta eta herri dinamikekin lotuta.