500 lagun baino gehiagok hartu zuten parte igandean Uribe Kostako Gure Esku Dagok antolatutako mendi martxa herrikoian. Barrikatik, Lemoizetik, Sopelatik eta Urdulizetik lau adar abiatu ziren “pausoz pauso, tipi-tapa” Plentziaraino eta batez ere 2017ko udaberrian burutuko den herri-galdeketarantz.
Ados gaude, sinadurak ditugu eta udaberrian herri galdeketa
Lehen pausoa Sopelan eman zuten udaberrian Uribe Kosta ADOS talde sustatzailea aurkeztean. Egun hartan 150 lagunek “Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarren garaia da” aldarrikatu zuten eta lau herrik konpromisoa hartu zuten herri-galdeketa gauzatzeko 2017an: Barrika, Lemoiz, Sopela eta Urduliz.
Bigarren pausuari ere une hartan eman zitzaion hasiera: herri guztietan bozka eman dezakeen biztanleriaren %10en sinadura kopurua biltzea herri-galdeketari zilegitasuna emateko. Igandean, Plentziako ekitaldian, ADOS talde sustatzaileak jakinarazi zuen herri guztietan kopuru hori lortuta dagoela.
Udaberritik udazkenera bitartean egindako bidean, beste bi herri lotu zaizkio erronkari: Gorlizek eta Plentziak ere herri galdeketa egingo dute beste lau herriekin batera.
Eta zein izango da galdera?
ADOS talde sustatzaileak jakinarazi ere egin du datozen asteetan erabakiko dutela zein izango den udaberriko herri-galdeketan egingo den galdera eta horretarako bilera irekiak antolatuko dira: Barrikan, Sopelan eta Urdulizen abenduaren 2an (ostirala) arratsaldeko 19:00etan, Sopelako Kurtzio kultur etxean eta Lemoiz, Plentzia eta Gorliz herrietan urtarrilaren 14an (lekua eta ordua ez daude zehaztuta oraindik).